Lamia 2002an Helena Tabernak sorturiko zinema ekoiztetxea da. 2004an, Iker Ganuza gerente eta proiektuen ekoizle eragile gisa hasi zen enpresan. Fikziozko film luzeak eta gizarte eta gaurkotasun joerako dokumentalak egiteko bokazioa izanik, Lamiak telebista formatuen eta proposamen berrien alde ere egiten du.

2016ko ekainean estreinatuko da Lamiaren azken filma, Acantilado (Labarra) Helena Tabernak zuzendurik eta Daniel Grao, Goya Toledo, Juana Acosta, Ingrid García-Jonsson eta Jon Kortajarena aktore nagusiak izanik. Alfa Pictures-ek banaturik, Malagako Film jaialdian aurkeztuko da. Acantiladon TVE, ETB, Euskaltel eta Movistar+ek hartu dute parte eta nazioarteko salmenta agente WTFilms aritu da.

Lamiak 2010ean Nagore film luze dokumentalaren ekoizpena egin zuen Helena Tabernaren zuzendaritzapean. Filma Valladolideko Nazioarteko 55. Zinema Astearen Historia Denbora atalean estreinatu zen eta areto komertzialetan banatu. Gero Nagore TVEn eta ETBn eman zuten, baita Espainiatik kanpoko kate batzuetan ere. Nazioarteko salmentak Alô-Alô-k egin zituen.

2008an La Buena Nueva (Berri ona) filma aurkeztu zuen, Helena Tabernak zuzendua eta Unax Ugaldek eta Bárbara Goenagak protagonizatua. Semincin egon ondoren, aretoetako banaketa Golemen ardura izan zen kanpaina handia eginez eta ikusleek harrera bikaina egin zioten. Filmax da salmenta agentea nazioarteko merkaturako eta hainbat lurraldetan itxi ditu banaketa akordioak. La Buena Nuevak hogeita hamarretik gora zine jaialditan hartu du parte mundu osoan, Pusan, El Cairo, Montreal, Valladolideko Seminci, Bogota edo Viña del Mar nabarmentzekoak, zeinetan 10 sari baino gehiago bildu baititu.

2003an, Lamiak Extranjeras (Emakume atzerritarrak) film luze dokumentala estreinatu zuen Valladolideko Semincin, eta gero, zinema aretoetan, banaketa Sherlock Films-ek eginik. Dokumentala nazioko eta nazioarteko telebista kanal batzuetan eman da eta nazioarteko jaialdi batzuetan hartu du parte. Extranjeras filmak zabalkunde handia lortu du unibertsitate esparruan eta gizarte erakundeen eremuan mundu osoan.

Film laburren alorrean, Lamiak Pase privado (Emanaldi pribatua) ekoitzi du, Natxo Lópezena, Gorka Otxoa, Josean Bengoetxea eta Natalia de Molina aktoreekin. Film laburra 2014an estreinatu zen Medina del Campoko Zinema Astean eta urte horretako Madrid en Corto banaketa katalogoaren parte da. Jaialdietan 60tik gora hautapen eta 10 sari lortu ditu.
La media pena (Pena erdia), Lamiak ere ekoitzia eta Sergio Barrejón-ek zuzendua, Kimuak 2011 film laburren katalogokoa izateko hautaturiko film laburra da eta ofizialki 2011ko Semincin estreinatu zen. Gainera, ehun bat jaialditan hartu du parte eta guztira 25 sari lortu ditu.

Lamia (lehen HT Prod.) Helena Tabernaren Yoyes lehen film luzearen nazioarteko koprodukzioan ere aritu zen C.I.P.I. Cinematográfica-rekin, MACT Productions frantziarrarekin eta Intramovies italiarrarekin batera. Yoyes, Ana Torrentek eta Ernesto Alteriok protagonizaturik, bere estreinaldiko urtean filmik kutxagileenetako bat izan zen eta hamaika sari erdietsi zituen nazioarteko hainbat lehiaketatan.