SINOPSIA  |  BERRIAK  |  ZUZENDARIA  |  PARTAIDEAK  |  DESKARGAK  |  DOKUMENTUAK  |  EROSI DVD 

 

ZUZENDARIAREN OHARRAK

 

Lehenengo berria jaso nuenetik, Nagore Laffagen hilketaren inguruko gertaerek nire jakin-mina piztu zuten. Gogoan dut interes handiz jarraitu nuela epaiketa, eta harritu egin ninduen hark izandako oihartzun mediatikoak: bai epaiketa prozesuan zehar sortutako debateek bai sententziaren ingurukoek, iritzi publikoaren aldetik hain erantzun kementsua jaso zuena.

Geroztik hau guztia buruan dabilkit bueltaka, baina hain gai minbera izanik, zaila zen asmatzen nondik planteatu, gertatutakoa ez hutsaltzeko.

Helburua, gertatutakoari sakontasuna ematen lagunduko zuen begirada bat lortzea zen, aldi berean gizartearen kontzientzian izandako eragina azalduz. Gogoeta hauen ostean, istorioak berak ikuspegi dokumentala eskatzen zuen. Iruditu zitzaidan formatu narratibo hori aproposena izango zela Nagoreren istorioa momentu honetan kontatzeko.

Kontu asko izan daitezke interesgarri zein erakargarri, batez ere kasu hau begirada publikoaren pean egon delako. Epaileak komunikabideei ateak zabaldu izana, eta epaiketa osoaren irudi eta soinuak jendearen esku utzi izana, berrikuntza handia da. Horrexegatik, interesgarria iruditzen zait jendeari eman zaion informazioa berraztertu eta beste perspektiba batetik analizatzea.

Asun Casasolak, Nagoreren amak, paper erabakigarria jokatzen du proiektu honetan, haren testigantzak baitira ildo nagusia daramatenak; Asunen bizipenen bitartez ezagutuko dugu nolakoa zen bere alaba. Familiakoen, lagunen eta lankideen testigantzen bidez ere jasoko dugu pertsonaiaren gaineko hainbat xehetasun.  Epaiketak berak ere izanen du tartea dokumentalean, narrazio zinematografikorako osagai deigarriak izan ditu-eta. Adi-adi eduki gintuen egin bitartean, eta halaxe gaur egun ere, gora jotzeen emaitza alde batera utzirik.

Nagoreren istorioa partikularra da, baina unibertsal bilakatzen da. Horren frogarik behinena Asun Casasolaren jarrera dugu; pertsona aparta da, bere alabarentzat justizia eskatzeaz gain, gertatutakoa ezagutarazteko borrokan jardun delako, beste emakumeekin gauza bera gerta ez dadin. Honek amaren borrokari sakontasuna ematen dio, eta filmari interes berezia eman.

Dokumental bateko lan narratiboak pazientzia eta dedikazio handia eskatzen du muntaketa gelan. Lan egiteko modu berezia da; desberdina, fikziozko filmetakoen aldean. Gidoia batik bat edizio-mahaian idazten da. Hala ere, filmatzen ari naizenean intuizio puntu bat izaten dut, nondik jo esaten didana, ikusleari interesatu ahal zaionarekin bat egitera naramana.

Nagore filmean notiziatik haratago joan nahi dut, eta helburu hau lortzeko zinema dokumentala aukeratu dut, gaiaren berezitasunetara egokitzen den formatua, sakontasuna, emozioa, analisia eta hausnarketa ekarriz.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

HELENA TABERNA

 

Zinema da 1994. urtetik Helena Tabernaren lanbide bakarra. Kritikaren eta publikoaren harrera ona jaso dute haren filmek, luzeek nahiz laburrek, eta sari ugari jasoa da dagoeneko nazio eta nazioarte mailako hainbat zinemalditan. Zuzendari honen ibilbidea zerbaitek markatzekotan, bere proiektuen aukeraketan erakutsitako koherentzia da hori, baita bere estilo zinematografiko pertsonala ere.

2000. urteko martxoan estreinatu zen bere lehen film luzea, Yoyes izenekoa. ETAren barruan ardura handiko postua bete zuen lehen emakumearen bizitza kontatzen du. Harrera beroa jaso zuen ikus-entzuleen artean, eta diru-bilketa garrantzitsua egin zuen zinema-aretoetan. Columbia Tristar arduratu zen zabalkundeaz Espainian (100 kopia) eta Intrafilms enpresa italiarra nazioarteko salmentaz. Nazioartean sari gehien jaso zuten film espainiarretako bat izan zen urte hartan. Gaur egun ere, terrorismoaren inguruko zineman erreferentea izaten jarraitzen du.

Extranjeras (“Atzerriko emakumeak”) film dokumentala izan zen haren bigarren filma, bere enpresak, Lamia Producciones izenekoak, ekoitzia. Lehiaketarako hautatu zuten Valladolideko SEMINCI zinemaldiaren barruan, 2003an, eta geroztik Espainiako hiri garrantzitsuenetako zinema-aretoetan proiektatu da. Sherlock Films arduratu zen 2003ko azaroan estreinatu zen film honen zabalkundeaz, 10 kopiaz. Harrera bikaina izan zuen Extranjeras filmak kritikaren aldetik eta nazioarteko zinemaldi eta jardunaldi askotan emana da dagoeneko, hainbatetan sari garrantzitsuak jaso dituelarik.

Berri Ona da Helena Tabernaren azken film luzea, Lamia Producciones bere enpresak ekoiztua, eta Valladolideko SEMINCI Nazioarteko Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztua 2008an. Guda zibilean Errepublikaren kontrako altxamenduari Eliza Katolikoak eman zion babesa kontagai du filmak.  Aktore Onenaren Saria jaso zuen SEMINCIn Unax Ugalde filmeko protagonistak. 2008ko azaroaren 14ean estreinatu zen Berri Ona filma Espainiako zinema-areto guztietan, Golem zabalkunde-etxearen eskutik (80 kopia). Bestalde, Filmax arduratu da nazioarteko zabalkundeaz.

Zuzendariak bere azken proiektua amaitu berri du, Nagore dokumentala, 2008ko San Ferminetan psikiatra batek eraildako neskatoaren istorioa kontatzen duena. Gertaera lazgarri honi hertsiki lotuta dagoen eragin sozial eta mediatiko ikaragarria ere bikain islatzen du Helena Tabernak.